EUSKARAREN TAMAINASekula pentsatu al duzu zenbat hizkuntza dauden munduan? Edo zein den hizkuntza bakoitzaren tamaina?
Sekuentzia honetan, munduko eleaniztasunaz eta hizkuntzen kopuruaz hitz egingo dugu, baina Euskal Herrira ere hurbilduko gara, eta baita gure herrira eta gure eskolara ere. Gai honen inguruan power point bat osatu beharko dugu eta lehen hezkuntzako ikasleei aurkeztu. |
ZERGATIK EZ DUGU EGITEN?Askotan gertatzen zaigu euskaraz jakin eta euskaraz egiteko aukerak izan arren ez dugula egiten. Gertaera horren atzean era askotako arrazoiak daude.
Arrazoi horiek landuko ditugu sekuentzia honetan eta horiek aintzat harturik euskararen erabilera sustatzeko publizitate-kanpaina bat diseinatuko dugu. Bide batez, hainbat galderari erantzungo diogu: euskararen erabilera berdina al da adin multzo guztietan? Nolakoa izan da azken urte hauetako bilakaera? Zer egin dezakegu? |
EUSKAL BABELGero eta jatorri desberdin gehiagotako biztanleak eta ikasleak ditugu gure herrietan eta eskoletan. Baina zer dakigu beraiei buruz? Nongoak dira? Zein hizkuntza hitz egiten dute? Zenbat hizkuntza dakizkite?
Mende honetan Euskal Herrian izan diren migrazioen ondorioz inguruan dugun hizkuntza-aniztasuna aztertuko dugu sekuentzia honetan eta eskolako ikasleen hizkuntzetatik abiatuta, eskuko oinarrizko hiztegi eleanitza osatuko dugu. |
BATUA ETA EUSKALKIAKZer da hizkuntza bat? Eta zer da dialekto bat? Nola bereiz ditzakegu?
Euskara hizkuntza bat da, baina baditu dialektoak: euskalkiak. 1968an, bestalde, euskara batua sortu zen. Zertarako sortu zen ordea, euskara batua? Gaur egun nolakoa da batuaren eta euskalkien arteko harremana? Zein dira batuaren eta euskalkien funtzioak? Galdera horiek erantzuten saiatuko gara sekuentzia honetan, eta txango bat prestatuko dugu gurea ez den euskalki bat hitz egiten den leku batera. |
JOLAS GAITEZEN EUSKARAREKIN!
Pertsonen arteko komunikazioan hizkuntzak jokatzen duen funtzio garrantzitsu eta atseginenetako bat funtzio ludikoa da, hizkuntzarekin jolastea, alegia.
Euskararekin jolasteko hainbat modu eta teknika landuko ditugu sekuentzia honetan eta lortutako emaitzekin hitz-jolas bilduma bat osatuko dugu. Dibertigarria izatea espero dugu. |
XXI. MENDEKO EUSKARAAzken hamarkadetan euskarak izan duen bilakaeraren ondorioz sortu diren hiztun motak eta euskaraz hitz egiteko dauden hamaika maila eta moduak aztertuko ditugu sekuentzia honetan, ikasleek jakin dezaten zergatik hitz egiten duten hitz egiten duten bezala.
Arreta berezia jarriko dugu “euskañol” edo “frantseuskara” gisa ezagutzen diren kode-nahasketetan eta hizkera mota hauek euskaratik nola aberastu daitezkeen aztertuko dugu. Sekuentziaren amaieran, ikasleek bideo laburrak grabatuko dituzte eta ”Youtuberrek” egin ohi duten moduko kanala osatuko dute. Talde bakoitzak bideo bat grabatuko du ohikoak dituzten erdal hitz eta esamoldeen ordez euskarazko proposamenak eginez, ikusleei adieraziz gaztelaniara jo gabe lor daitekeela adierazkortasuna euskaraz. Bideo guztiak Youtubeko kanal batean bilduko dira. |
JENDAURREANDenok hitz egiten dugu jendaurrean: etxean, lagunekin edo eskolan, guztioi egokitzen zaigu besteen aurrean gure iritziak, nahiak edo ideiak azaltzea. Baina askotan ez dugu lortzen nahi bezala hitz egitea. Gure gizartean gero eta garrantzitsuagoa da jendaurrean ondo hitz egiten jakitea eta etorkizunera begira, jendaurreko hizketaren teknikak menderatzea oso onuragarria izango zaie ikasleei bai maila pertsonalean, bai profesionalean.
Jendaurreko hizketan trebatzeko, ikasleek hainbat arlotan eskolako egoera hobetzeko proposamenak aurkeztu beharko dituzte ahoz, hautagaitza desberdinetan bilduta. |
ESKOLAZ KANPO, AISIAN AISE!Aisialdiko euskararen erabilpena eta kultura eskaintza eta kontsumoa faktore giltzarriak dira erabilera ohiturak finkatzeko eta erabilera handitzeko. Euskarak alor horietan duen presentzia eta gazteen artean euskarazko kultur produktuen kontsumoa nolakoa den aztertuko dugu sekuentzia honetan.
Bidenabar, sari bat sortuko dugu eskolan: gazteek gustukoen duten euskal sortzaile, talde edo produktua sarituko dugu, saritua eskolara gonbidatuz eta saria emateko ekitaldia antolatuko dugu. |
GARUNETIK TEKNOLOGIARA,
|
ETA GUK, ZER?Bai norbanako gisa, eta bai talde gisa –gelan edo eskolan- asko dira euskara gehiago erabiltzeko har ditzakegun erabakiak eta konpromisoak. Sekuentzia honetan, norberak edo taldeak, euskara gehiago erabili aldera bere eguneroko bizitzan egin dezakeenaz, jar daitezkeen helburuez, helburu horiek lortzeko erabil daitezkeen metodoez, eta alda daitezkeen joerez jardungo dugu. Helburua, beraz, epe labur eta ertainera begira, ikasleek egiten dutena baino euskara gehiago egitea da.
Gaur egun zenbat eta nola egiten duten, eta helburu gisa zer jarriko luketen aintzat harturik “sketx” emanaldi bat prestatuko dute sekuentzia honi amaiera emateko. Sketx horietan bi egoera irudikatuko dira: “Gaur” eta “Gero”. |