Web 2.0

Berez, Internet bidezko web-zerbitzuak dira, erabiltzaileari zuzenean bideratuak, eta informazioaren trukaketan oinarritzen direnak.

Web 2.0, askoren ustez, modan dagoen ideia besterik ez da, eta ez omen du inolako definizio zehatzik onartzen. Beste askoren ustez, edukirik gabeko hitza dugu hori. Hala ere, Web 2.0 kontzeptua etengabe indarra hartzen ari da, eta argi dago egunero han eta hemen entzun, irakurri eta ikusten dugun errealitatea dela.

 

 

Web 2.0rekin hasi baino lehen, ezinbestekoa dugu horren aurrekaria izan zen Web 1.0 aipatzea, hau da, testuinguru estatikoa zeukan webgunea. Kasu horietan, web-orriak adituek eta gutxi batzuek egiten zituzten; aldian behin eguneratzen zituzten eta, estatikoak izateaz gain, erabiltzaileak ez zuen harekin interakzionatzeko aukera handirik. Web-orrien aldaketa-prozesu horretan, aplikazio tradizionaletatik erabiltzaileari begira dauden aplikazioetara doan bilakaera eta iraultza gertatu da, eta teknologien agertoki berria sortu da.

Web 2.0 kontzeptuaren sorrera O'Reilly Mediak, informatikaren inguruko liburuak argitaratzen dituen argitaletxeak, eta MediaLivee konpainiak 2004an eginiko hitzaldian kokatu behar dugu. Konferentzia horretan webguneen berpizkundeari eta garapenari buruz hitz egin zuten eta, lehen aldiz, Web 2.0 aplikazioen oinarrizko ezaugarriak azpimarratu zituzten.

Web 2.0 baliabideak 2. belaunaldiko web-aplikazioak dira, hau da, erabiltzailearen eta informazioaren artean komunikazio aktiboa dago. Web 2.0 delakoak agertoki, aukera, lan egiteko modu, erronka eta parte hartzeko bide berriak ireki eta harremanetarako hainbat gune plazaratu ditu.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial No Derivatives 3.0 License

Web 2.0 baliabideen ikasmateriala, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org