Segurtasuna eta pribatutasuna

Internet biztanleriaren sektore guztietara heltzen ari den hedabidea eta zerbitzua da. Zalantzarik gabe esan daiteke Internet oso tresna onuragarria dela gizartearentzat. Bertara konektatzen diren erabiltzaile gehienek oso esperientzia positiboak izaten dituzte, sarearen bidez erraz, merke eta eguneko edozein unetan eskura baititute informazio ia mugagabea. Bestalde, Internet komunikazioaren, merkataritzaren eta giza harremanen izaera aldatzen ari da. Bide horretatik, aro berria ari da sortzen Interneten eta horrek aukera berriak ematen dizkio erabiltzaileari.

Aro berri horren isla dugu Web 2.0, erabiltzailea protagonista bihurtu duen tresna. Era guztietako jendearengana iristeko gaitasuna izan du: geroz eta jende gehiagok sortzen du blog bat edo kontu bat sare ireki sozialen batean (Facebook edo Tuenti). Gainera, geroz eta gazteagoak dira sare sozial horietara sartzen diren erabiltzaileak, jendea ezagutzeko aitzakia bakarrarekin. Eta horixe da arazoetariko bat.

Gaur egungo gizartean asko dira IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) erabiltzen dituzten gazteak, baina gutxi dira tresna horiek dakartzaten abantailak ezagutzeaz gain, sor ditzaketen arriskuen jakitun direnak. Garrantzitsua da saretik jaso edo bertara kargatzen dugun informazioaren aurrean zuhurrak izatea eta teknologia hauek egoki erabiltzea. Erabiltzaileak gutxieneko neurriak hartu behar ditu norberaren segurtasuna arriskuan ez jartzeko. Ezinbestekoa da, gainera, horretaz ohartaraztea eta horri buruz hitz egitea. Baina ezinezkoa da, ordea, horrek dakartzan arriskuen aurrean ez ikusiarena egitea.

Gazteen eta sare sozialen inguruko ikerketa bat dago Britainia Handian; emaitzak Security by Default blogean azaltzen dira. Irakur ezazu sarrera eta horri buruz duzun iritzia zure blogean plazaratu dezakezu.

Web 2.0 eta sare sozialak oso onuragarriak dira, eta ez digute zertan inongo arazorik ekarri, segurtasunez eta errespetuz jokatzen badugu.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial No Derivatives 3.0 License

Web 2.0 baliabideen ikasmateriala, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org