Orain badakizula ura nondik eta nola datorren, nondik eta nora doa behin erabilita? Hustubideak erabiltzen dira estoldetara erabilitako ura eroateko.
Erabilitako urari hondakin-ur edo ur zikin esan ohi zaio. Hondakin-urak biltzen dituen sareak husteko sare edo hustubide du izena. Edateko ura presioz mugitzen da; hondakin-urak, ordea, grabitatearen eraginez mugitzen dira.
Etxebizitza bateko hustubideak osagai hauek ditu: tresna sanitarioak (bainuontzia, komuna, harria eta konketa), pendiz apur bat duten hodi horizontalak (hala jartzen dira urak grabitateari esker mugi daitezen) eta hustubideak. Hondakin-urak batu eta husteko sistema da hustubidea, ur zikinok estolderiara eramaten dituena. Kiratsa eragozteko sistema ere badu, sifoi-hodiek edo sifoiek osatua. Tresna sanitario bakoitzak bere sifoia izaten du.
Tresna sanitarioetatik irteten diren hustubideak diametro handiko hodietara doaz; hodi horiek zorrotenak dira. Zorrotenetan behera, eraikinaren behealdera bideratzen dira hondakin-urak, eta handik, kanpora. Gainera, zorrotenek badute irteera bat eraikinaren teilatuan, pilatzen diren gasek kanporatzeko bidea izan dezaten.
Ikusi animazio hau zehatz-mehatz ikusteko nolakoak diren etxe bateko instalazio elektrikoa eta urez hornitzeko eta urak husteko instalazioak.