Gure etxeetan edateko ura edukitzeko, hiriak ura biltzeko, biltegiratzeko eta hornitzeko sistema bat eduki behar du. Lur azpiko putzuetatik, ibaietatik eta aintziretatik lortzen da ura. Itsasotik ere hartzen da, baina gezatzeko prozesua eginda izan behar du. Ondoren, ur hori ur-biltegi edo urtegietan metatzen da. Biltegi horietan, ura kloratu egiten da, usaina kentzeko, bakterioak hiltzeko eta, oro har, ura desinfektatzeko. Ur-biltegiak toki altuetan egon ohi dira. Ostean, ura etxeetara heltzen da hodietatik.
Ura edozein eraikinetara hel dadin hau behar da:
Ur-hargunea
Eraikin edo etxe baten barruko instalazio orokorra banaketa-sareko hodiarekin lotzen duen hodia da. Ur-harguneak maniobrako giltzak izaten ditu:
Barruko instalazio orokorra
Indarrean dagoen araudiak ezartzen duenaren arabera, eraikinaren barruko instalazio orokorra baimendutako instalatzaile batek egin behar du. Berak instalatzen du eraikineko ixteko giltza eta kontagailuak edo kontagailu nagusia lotzeko hornidura-hodia.
Ponpatze-ekipamendua
Ura ponpatzen duen ekipamendua da, uraren presioa eraikineko solairurik altuenetara hel dadin.
Kontagailuen bateria
Ur-hargune beretik hornitzen diren kontagailuen multzoa da. Bateria horretatik adarkatzen dira etxebizitza bakoitzerako banakako ur-harguneak.
Barruko instalazio partikularra
Hau ere baimendutako instalatzaile batek egin behar du. Gorako hodi bat du eta hodi horrek lotzen ditu kontagailuaren irteera eta barruko instalazio partikularra. Ixteko giltza bat egon behar da instalatuta gorako hodiaren gainean, auzotar bakoitzak bere instalazio partikularra itxi ahal izateko. Giltza horretatik zabaltzen da etxeko puntuetara ura eramaten duen hoditeria. Gainera, etxeko gune hezeek (komunak eta sukaldea) eteteko giltza independentea izaten dute, bai ur hotzerako eta bai ur berorako.
Etxebizitzetan ur beroa edukitzeko, ur hotzaren ibilbide bera egin behar du ur horrek, baina banatu aurretik berogailu batetik pasatu behar du: gasezko galdara edo termo batetik, edo ur-berogailu edo termo elektriko batetik.
Ikusi arretaz bideoa, etxebizitza bateko uraren instalazioa planoan nola irudikatzen den jakiteko.