Energia elektrikoa sare publikotik banatzeko, hargunearen bidez garraiatzen da elektrizitatea etxebizitzetara. Elektrizitatearen hargunea airekoa, lur azpikoa edo mistoa izan daiteke. Energia-hornidurako enpresek kontsumo-neurgailuak instalatzen dituzte etxebizitzen kanpoaldean eta instalazio horren mantentze-lanaz ere arduratzen dira. Sare elektrikoa etxebizitzan sartzen den tokitik barrura, mantentze-lanen ardura etxejabeena da
Gogoratu nola funtzionatzen duen sistema elektrikoak: infografia
Eraikinaren barruan, kaxa elektrikoa edo babes-kaxa nagusia dago. Bertan daude korronte-hargunea eta etxebizitzetako instalazio komuna babesteko behar diren elementuak. Babes-kaxatik banatzen dira lineak etxebizitzetaraino, etxebizitza bakoitzerako fusibletik eta kontagailutik pasatuta. Badago maniobra-etengailu nagusi bat ere, zentralizazio osoa deskonektatzeko balio duena. Kontagailu guztiak kontagailuen gelan edo kontagailuen zentralizazioan daude bilduta. Kontagailutik etxebizitza bakoitzeraino doan linea bakoitzari banakako deribazio-linea esaten zaio.
Lur-konexioa ere ikusiko dugu. Eraikineko korronte-hargune guztietatik kobrezko barra metaliko batera heltzen den kableen sarea da; aipatutako barrak hainbat metrotako luzera izaten du, eta eraikinaren zimenduetan egoten da lurperatuta. Tresna elektrikoren baten karga elektrikoak ihes egiten badu, lur-hargunearen bidez egiten du ihes eta ez tresna ukitzen ari den pertsonaren bidez. Horrela, pertsonak zeharkako kontaktu elektrikoetatik babestuta egoten dira.
Etxebizitzaren barruan, potentzia kontrolatzeko etengailua dugu. Konpainia elektrikoak instalatzen du eta bezeroaren energia-kontsumoa kontratatutako potentziara mugatzeko balio du. Etxebizitza batean kontsumitzen den potentzia kontratatutakoaren mugatik gorakoa bada, etengailuak salto egiten du eta eten egiten da hornidura. Instalatzen ari diren kontagailu digital berrietan ere bada potentzia kontrolatzeko etengailu bat eta salto egin eta berrarmatu egiten da etxebizitzako potentzia kontrolatzeko etengailuarekin zer gertatzen den ikusita.
Azkenik, etxebizitzaren barruan bada aginte- eta babes-panel nagusia edo kaxa elektrikoa. Etxebizitzaren sarreran kokatuta egoten da eta bertan egoten dira etxebizitzaren barruko instalazioaren segurtasun eta babeseko gailu guztiak.
Ikusi arretaz bideoa, jakiteko zein diren aginte- eta babes-panel nagusiaren osagaiak eta zer funtzio betetzen duten.
Orain arteko elementu hauek guztiek loturako instalazioa osatzen dute. Ondoren, loturako instalazioaren eskema osoa duzu eta loturako instalazioa irudikatzen duen marrazkia ere bai.