Jatorria

Euskal Herrian gaur egun praktikatzen diren joko guztien artean zaharrenetakoa izatearen ohorea dauka. Jatorria ez da zehatza eta, horrenbestez, zaila da bere antzinatasuna finkatzea; hala ere, badakigu orain bost mende gure herrietan bolak jaurtikitzen zirela zutik jarritako makila batzuen aurka.

Berez, oso joko sinplea da eta, era batera edo bestera jokaturik, munduko joko zaharrenetarikotzat hartzen da; joko horren aztarna zaharrenak Antzinako Egiptokoak dira. Euskal Herrian, bola-joko batzuei buruzko dokumenturik zaharrenak Erdi Arokoak dira. Gehienetan, jokoa debekatzeko idazten ziren dokumentuetan aurkitzen dira aipamen horiek. Kontatu izan da bola-jokoa El Escorial monasterioko eraikuntzan lanean ari ziren hargin euskaldunek eraman zutela.

Bola-jokoaren oinarria zera da: bolatokiaren mutur batean txirlo edo birla kopuru bat jartzen da (modalitatearen arabera bat, hiru edo bederatzi,); beste muturrean, berriz, bolaria jarriko da eta bola lurretik botaz txirloak lurrera botatzen saiatuko da. Batzuetan, ibilbide zuzena oztopatzen txirlo txikiago bat jartzen da (txaparro edo amona deiturikoa) eta txirloa ez da ukitu behar puntuak ez galtzeko.

Bola-jokoa 1946an (Paco Marín).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/1026092

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License