IZENBURU ON BAT IDAZTEN

Izenburu on bat izan ohi da batzuetan idazteko akuilua. Burura ideia gisara etortzen den argudio edo esamolde biribila. Sorkuntza prozesu osoa jar dezake abian berak bakarrik.

Hala ere, beste batzuetan idazten hasi aurretik izenburua jarri arren, izenburu hori idazlearentzat hari-mataza baten punta besterik ez da. Hariari tira eginez, puntadaz puntada idatziko du bere iritzia.

Lan luzeetan aldez aurretik egin beharreko planifikazioa askoz zehatzagoa izaten da. Gehienez 2.000-2.500 karaktere izango dituen idatzi batean, sormenak eta argudioen jarraikortasunak askoz ere askatasun handiagoa uzten du. Hori dela eta, sarri, egokiagoa da izenburua amaierarako uztea eta irakurtzen amaitzean birpentsatzea.

Formalki, iritzi-artikulu baten izenburuak, batez ere, laburra izan behar du. Erakundeetako dokumentuetan eta txostenetan maiz agertzen diren izenburuak luzeak izaten dira. Hala izan ohi da literaturaren eta pentsamenduaren historian. Gure inguruko hizkuntzetan ere aurkitzen ditugu hamahiru edo hamalau hitz dituzten izenburuak. Euskara, baina, hizkuntza aglutinatua da, eta horrek hitz kopurua bereziki laburtzen laguntzen du. Bospasei hitzeko izenburuak luze gerta daitezke eta esan genezake bizpahiru hitzekoak direla ohikoenak.

Hona euskal literaturan eta inguruko kulturetan ezagun diren hainbat izenburu, luzeraren arabera sailkatuak.

 HITZ KOPURUA

LITERATURA – PENTSAMENDU  UNIBERTSALA

 EUSKAL LITERATURA

 BAT

 Fedro

 Criton

 Oturuntza

 Errepublika

 Uhinak

 Metamorfosia

 Prozesua

 Gaztelua

 Biblia

 Ebangelioak

 

 Gero

 Garoa

 Kresala

 Josetxo

 Elorri

 Euskaldunak

 Gabeziak

 Arrakalak

 Ezinbestean

 No

 Bingo

 Bizi!

 Hamazazpikotan

 BI

 

 

 

 

 Madame Bovary

 Afrikako memoriak

 Tom Sawyer

 Testamendu Zaharra

 Kixote Mantxako

 Gulliverren bidaiak

 Kreutzerrentzako sonata

 

 

 

 Ehun metro

 Zergatik Panpox

 Guardasol ahantzia

 Hodeiak  zapatetan

 Hitzak orbainetan

 Joanak  joan

 Maldan behera

 Elsa Sheelen

 Haizeaz bestaldetik

 Haur besoetakoa

 Spam poemak

 HIRU

 

 Hiru gizon bakarka

 Harri eta herri

 Santa Kruz Apaiza

 Leturiaren egunkari ezkutua

 Izen gabe, direnak

 Santa Jenobebaren bizitza

 Denbora enaren hegaletan

 Jainkoa harrapatzeko tranpa

 Zeruak eta ifrentzuak

 Uda batez Madrilen

 Egunsentiaren esku izoztuak

 Gizarte irekia eta bere etsaiak

 Historiaren amaieran eta azken gizona

 ESALDIAK

 

 Izkiraturik aurkitu ditudan ene poemak

 Egunsentiaren esku izoztuak

 Amaren heriotzak libreago egin ninduen

 Ez naiz Fujin izan

 Zu zara orain txoria

 Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin

 Zenbat lur behar du gizonbatek?

 Nola haur batek kontatzen zuen ez zutela hirira eraman

 Emakumea irla bat da

Izenburu horiek aintzat hartuz, hona luzeraren eta morfologiaren arabera izenburu horien ezaugarri garrantzitsuenak:

1. BATEKOAK. Hitz batekoak. Euskara hizkuntza aglutinantea denez, izenburua ematen duen hitza deklinatua ager daiteke. Ez da hori gertatzen hizkuntza erromanikoetan. Morfologiaz beste, hitzen esanahiari begiratzen badiogu, euskaraz nominatiboan agertzen diren izenburuak, normalean denotatzaileak dira. Izen propio izan daitezke edo ez, baina irakurlearekin egiten duten paktua da; pertsonaia baten istorioa edo ideia baten garapena zehaztuko dute. Egiantzekotasunean jartzen dute indarra. Hitz batekin adierazten da “izena duenak izana” duela. Beraz, fikzioa izan arren, egiantzekotasunak hartzen du indarra.

Kontuan hartu behar da, gainera, euskarak hitz-elkarketarako eta hitz konposatuak sortzeko erraztasun handia duela. Horiek horrela, zentzu metaforiko handia duten hitz berriak sor daitezke: Ohekopteroa, Piku-esnea... Hizkuntza erromanikoek sintagma batekin osatuko zuketen irudia hitz konposatu bakarrean eman dezake euskarak. Eta horrek, sormenari bide zabaltzen dio, nabarmen. Gogoratu, hala ere, hitz bakarreko izenbururik ezean, hitz-elkartu edo konposatuen erabilerak zaildu egiten duela ulermena. Errazagoa da langileen soldatak sintagma ulertzea, langile-soldatak ulertzea baino.

liburuak hegan

2. BI EDO HIRU HITZETAN. Hitz batekoak bezala, bi hitzez osatutako izenburuak ere gogoraerrazak dira, zuzenak eta zehatzak.

Izenlagunez osatutako sintagmetan euskaraz posible da –ko erlazio-atzizkiaren bidez, era askotako izenlagunak sortzea: etxerako bidea, pinazko jogurta, amarentzako oparia, halako gizonik!…

Bestalde, euskal deklinabideak eskaintzen du izenburua deklinatutako bi hitzez osatzeko aukera. “Zer” eta “non” galderei erantzunez, adibidez. Hona bi poema libururen izenburuak: Hitzak orbainetan edota Hodeiak zapatetan. Baina beste konbinazio asko ere egin daiteke: Zozoak beleari, Loreak txerrientzat...

Euskal sintaxiaren ezaugarri honen bidez lor daiteke, esaldi baten laburdura egitea, elipsi bidez. Baina aditzik ageri ez den heinean, bi hitzez osatutako izenburu hauek, salbuespenak salbuespen, hitz bakarrekoak bezala, ukaezinak bihurtzen dira. Alegia, adierazlea, zehaztuta eta azpimarratuta geratzea, hain zuzen ere, ezeztatu ezin delako.

Gauza berbera esan daiteke hiru hitzez osatutako izenburuei buruz, aditzik tartean ez bada. Hiru hitzetik aurrera, aditzik agertu ez arren, lokailuak ere ager daitezke, eta batzuetan sintagma alboratuek, elipsiaz, esaldi alboratuak ordezkatzen dituzte.

3. ESALDIAK. Ez dira askotan erabiltzen esaldiak izenburuetan. Eta horregatik gertatzen dira, hain zuzen ere, oso deigarriak literaturan. Ez da ahaztu behar, hala ere, dibulgazio liburuetan edo lan zientifikoetan maiz erabiltzen direla esaldiak. Eta ez da harritzekoa, esaldiek argudio bat edo tesi bat ere adierazten baitute.

Eta amaitzeko, ez dezagun ahaztu euskal aditzaren aberastasuna. Aditza erabiltzen denean, izenburuak ere pista asko eman ohi ditu testuari buruz: zer pertsonatan idatzia dagoen (1., 2., 3. pertsonan), orainaldian edo lehenaldian idatzia dagoen...

Esaldi on bat izanez gero, bada, izenburura eramatea ez da txantxetako apustua.