AZKEN HITZ BAT, LABUR

Galdera horiek erantzun eta konforme geratu bazara, esan nahi du zeure iritzia argi adieraztea lortu duzula edo zerbait iradoki ahal izan duzula.

Testua luzea bada, halako laburpen bat edo egingo zenuen, agian.

Azken esaldiak, ahal dela, labur, biribil, iradokitzaile izan behar du eta hasierara (agian lehen paragrafora edo izenburura) eraman dezake irakurlea. Baina 2.000-2.500 karaktereko testuan garatutako ideiak gogoratzen errazak dira, eta berriro, laburtuz, gogorarazteak adieraz dezake irakurlea gutxiesten dela edo idazleak ez duela zer esan handirik.

Azken paragrafoan ez da ondorio asko jarri behar. Izatekotan, ondorio batean bildu beste guztiak eta ondorio kateari azken ñabardura bat erantsi.

Testua laburra bada, ez da txarra azken paragrafoa azken esaldira bideratzea osorik.

Azken esaldiak, ahal dela, laburra izan behar du, esaldi bakuna. Espero ez duen elementuren bat txerta dezake, harridura puntu bat sortuz. Hasierako paragrafotik edo izenburutik neurri batean bereizi egin behar da.

Azken paragrafoaren mugimendu zirkularrak ez du esan nahi zirkulua itxi behar denik, gutxienez, iritzi-artikuluetan.

Izan ere, azken paragrafoak, eta zehatzago, azken esaldiak edo azken hitzak, bi norabide eman ditzake:

  • Testua ixtea, aurretik esandakoa eta iradokitakoa biribilduz, barneratuz eta agian aurreneko esaldira edota izenburura berriz joz.
  • Testua irekitzea, zabaltzea, irakurlea bera ere emandako iritzian parte-hartzaile izatera bideratuz.

puzzle gorria