Ataria

Ongi etorri Bost zentzumenak webgunera!

Ikasmaterial honen bidez, giza zentzumenak ezagutu eta horien gainean ditugun zalantzak argitu ahal izango ditugu. Eginkizun horretarako zentzumen-organoen bidez jasotzen diren sentsazioak identifikatuko dira, zentzumen-organoak zein diren ikasi, atalak identifikatu eta haien zereginak argituko ditugu.

Xede nagusia zentzumenak ezagutzea da, era atsegin eta entretenigarrian, kalitatezko edukien eta ariketen bitartez, eta material erakargarria landuz.

Klika ezazu ondoko esteka hauetan, gehiago jakiteko eta Bost zentzumenak gunean murgiltzeko...

Bost zentzumenak

Zentzumenak gizakiaren organismoa inguruarekin harremanetan jarri eta hura ezagutu eta ulertzeko duten gaitasunak dira. Dastamena, entzumena, ikusmena, ukimena eta usaimena dira bost zentzumenak. Ahalmen edo gaitasun horiek gorputzeko organo zehatz batzuei lotuta daude eta bakoitza informazio mota bat jasotzeaz arduratzen da. Horrela, organo horietako bakoitzak zentzumen baten garapena ahalbidetzen du: begiek ingurua ikusteko ahalmena ematen digute, belarriekin soinuak entzuten ditugu, larruazalak objektuak sentitzen ditu, mihiarekin zaporeak hautematen dira eta sudurrak inguruan dagoena usaintzen du.

Izaki bizidunek inguruan duten mundua ezagutzeko behar dituzten egiturak garatu dituzte. Kanpoko inguruneari buruzko informazioa sentimen-errezeptoreen bidez iristen da, horiek inguruneko energia mota edo estimulua (argia, hotsa, objektuak…) nerbio-bulkada bihurtzeko gai baitira. Nerbio-bulkada horiek nerbio-sistema zentralera bideratzen dira eta bertatik garunera, jasotako informazioa prozesa dadin. Zentzumen-organo guztiek garunarekin batera lan egiten dutela esan daiteke: lehenik, zentzumen-organoak garunera pasatuko diren zirrarak jasotzen dituzte,eta, ondoren, garunak haiek zentzumen bihurtzen ditu.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License